domingo, 19 de julio de 2015

Debako Flysch-Biotopoaren safari gautarra

Irten giñenean, banekien Flysch-eko gauak irteeraren parte-hartzaileen espektatibak beteko zituela, baina inoiz ez nuen imajinatu hain harrigarria eta sorpresaz beterikoa izango zenik”. Hau dela eta, uztailaren 17an burututako irteera gidatuaren kronika idaztera animatu naiz. Gaueko 10:30etan, Debako guraso eta ume talde batekin elkartu nintzen hondartzako paseoan, itsas-gainen ondoan, Flysch at Night / Flysch-a gauaz izenpeko bisita programaren baitan, Deba-Zumaia babestutako Biotopoan marearteko zabalgunearen fauna ezkutuaren bila joateko asmoz. Euskal Kostaldeko gune itsastar honen aberastasun naturala ezagutarazteko helburuz, Debanaturak bultzatutako “Flysch-a gauaz” esperientzia errealitate bilakatutako ametsa da, izan ere, txikitan nire ingurua, mundua alegia, deskubritzeko lehenengo bizipen eta oroitzapen asko bertan izan dira niretzat. “Flysch at night edota Flysch-a gauaz” irteera berezi hau, ikuspegi edota dimentsio berrira eta bizitza, forma eta kolore askotako unibertso fantastikora eramaten gaituen itsaso aldera dagoen ateatik so egin eta bisita bakoitzean gauza berriak aurkitzeko ametsa litzateke niretzat. Flysch-eko Biotopoaren barrena Gipuzkoako kostaldearen mendebaldean, Flysch-eko Biotopoak, Deba eta Zumaia artean, itsasertzaren 8 kilometro hartzen ditu, itsasoraino heltzen diren haitz malkartsuek irudikatutako inguru ikusgarria, Euskadiko naturgune ederrenetakoa, hain zuzen. Geologiaren ikuspuntutik, munduko tokirik garrantzitsuenetakoa dugu gainera; balio geologiko eta geomorfologiko handiko elementuak ditu (nazioartean sona handia dute), baita euskal itsaslabarreko itsas ekosistema aberatsena ere. Itsaslabarron oinetan, marearteko zabalgune edo urradura plataforma izeneko fenomeno bat (mundu mailan ezaguna den Flysch-ean apurka zizelkatua) gelditzen da agerian itsasbeheran. Milaka urtetan olatuek labarretan egindako higadurak hainbat harkaitz geruzatan antolatzen den zabalgunea eratu du. Bioaniztasunaren eta Naturaren ikuspegietatik, Biotopoaren marearteko zabalgunea Europako eta, esan genezake ere gure Planetaren, ekosistema aberatsenetarikoa da, hain zuen dibertsitate biologikoa handikoa (200tik gora espezie animali) eta, batez ere, itsas-espezie askoen ugaritasun edota dentsitate ikaragarriagatik. Bai arroketan (marearteko zabalgunean) bai Lapari hondartzaren inguruetan animalia txiki piloa dago. Batzuk hareatan bizi dira, beste batzuk harkaitzetan edo itsasbeheran sortzen diren putzuetan. Batzuk ezagunak izango dituzu, baina gauez Flysch-Biotopora burutzen ari garen irteera hauetan asko izango dira ezagutzen ez dituzunak, edota arraindegietan eta akuarioetan besterik baino ikusi ez dituzunak ere. Debanatura elkarteko arduraduna den Diego Mendoza, biólogo eta naturzalearen eskutik, animalia ezezagun eta harrigarri horiek ezagutzeko aukera izango duzu. Debako itsasertzeko hondoak harkaitzekoak dira eremu osoan zehar, hala ere, badira hondarrez hornitutako gune batzuk ere, hain zuen Santiago eta Lapari hondartzak eta inguruak. Harkaitzezko eta hondarrezko substratu hoietan, Gipuzkoako itsasertzeko landare tipikoak bizi dira, adibidez, Gelidium sesquipedale, beste alga espezie askorekin batera. Baina, zergatik gauez? Jakina denez, itsasbeheran agerian geratzen diren guneetan bizi diren izakiak marearen gora-behera etengabera egokitu behar izan dira, izan ere, itsasgora denean urpean egon behar baitute eta, denbora jakin batean, itsasbeheran uretatik kanpo. Itsasbeheraren gertakaria egunez izaten denean, lehorketaren arriskua areagotu egiten da eta, honen ondorioz, marearteko zapaldan bizi diren izaki horiek guztiek uretatik kanpoan bizi ahal izateko zirrikituetan, putzuetan edota bere baitan uzkurtuta ezkutatzen dira. Horregatik, beste arrazoien artean ere, egunez zaiagoa da zenbait animalia ikustea. Esan dudan bezala, pasa den uztailaren 17an, ilberakin eta marea biziekin batera Debanatura elkartetik antolatu zen afalosteko txangoan hamaika lagun elkartu giñen, Debako flysch-ean zehar itsas-bazterreko animaliak gauaz deskubritzeko asmoz. Gaueko irteera honetan lagun batek dioenez “Gaueko Izurdeak, fokak eta marrazoak preso ikusi nahi dituenak akuarioren batera jo beharko du, baina ilunabarrean euren kasa paseatze aldera ateratzen diren espezie arruntak bertatik bertara agurtu nahi dituenak, berriz, Debako hondartzan du aukera-maukera, parkinetik hamar minutura”. Goazen ba! Biotopoaren marearteko zabalguneko bizilagunen kolore eta forma anitz Lehenengoz, itsasertzean oso ugariak diren lapeei erreparatu genien; hauek algak jateko duten mingaña (rádula), duela gutxi zientzialariak deskubritu duten bezala, dagoen material gogorrena izan daitekeela uste dute. Baina itsasertzean ugarienak diren izakiak, zalantzarik gabe, arroketan substratuari itsatsita bizi diren itxas-ezkurrak (Balanus balanus) dira, hau da, lanpernen senitarteko krustazeo txikerrak, hain ugariak dira substratua ere estaltzen dutelarik. Debako hondartzatik Lapari aldera abiatu giñen. Han, harkaitzen artean, zirrikituetako hezetasunaz baliatuz, muskuiluak eta itsas marraskiloak topatu genituen. Berehala, itsasertzeko arroketan, putzu-zuloetan, bizi den arrain arruntenetakoa aurkitu genuen, Kabuxa (Blenius pholis), ezkatak galdu (ezkatak izan beharrean muki liskatsua duealrik) eta haitzartean labainka "ibiltzen" ikasi duen arraina da. Pixka bat aurrera jo genuen eta han, putzu batean, bere eremua zaintzen Kabrarroka jauna aurkitu genuen. Kabrarroka zeharo "lurraldekoia" da. Bere esparrua markatzen du eta ez da bertatik ateratzen, etsaiak inguru-inguruan jardun arren. Orduan lagun batek harrituta “ Nik Kabrarroka arraindegian soilik neukan ikusita” aitortu zuen. Bitartean Kabrarroka jauna gutaz inguraturik han zebilen. Rasan itsasbeheran sortzen diren putzu txikietan ere, izaki bizidun gehaiago ikusi genituen, hala nola, tamainazko izkirak, “ganbak”, itsas tomateak (aktinia gorria), anemonak (margaritak), mota eta tamaiña desberdinetako karramarroak, baita berehala izkutatzen ziren arraintxoak ere, muxar txikiak edo zargoak esatebaterako. Geroztik, Flysch-era gaueko irteera hau are eta interesgarriagoa bilakatu zen, izan ere, arrain-espezie ugari azaltzen hasi ziren. Lehenengoa, durdo bat izan zen, putzu batean harri bati itsatsita bezala geldik eta guri begira zegoena. Elkartutako lagun-taldea denbora batean, lasai-lasai behatzen egon eta gero, pakean utzi genuen eta gure bidea aurera jarraitzea erabaki izan genuen. Handik, lau metrotara, beste durdo bat azaldu zen berriro, lasai asko igeri egiten eta gero desagertu izan zen. Durdo handiak librea (kolore) esberdinak ditu, bizi den substratuaren arabera. Lapariko inguru honetan Corallina algen soropilak ageri dira, baita beste alga-mota batzuk ere, hala nola, Ulva, letxuga baten antzekoa dena, Kodialak, harkaitzak eztaltzen duten alga berdeak (enteromorfak), etab. Pixka bat aurrera jarraituz, haurrak “Dinosaurio” dioten harkaitzaren inguruan sortutako putzu zabalera iritsi giñenean, hara eta zer aurkitu, arrainkume pilo bat!. Zalabardoaz baliatuz “arrain-katua” deitzen genien arrainkumeak harrapatu genituen gertuagotik aztertzeko helburuz. “Bizardunak” ziren Arrain txiki hauek, haitzetako barbarinaren arrain-kumeak ziren hain zuen. Arrain-espezie honek itsasertzeko marearteko zabalgunean igarotzen ditu bere lehehengo aroak eta duen ezaugarri deigarriena bere barbuloak dira. Gauez, geldirik egoten dira hondoan, errazago izaten orduan haiengana hurbiltzea. Biotopoaren marearteko zabalgunean hazten diren algen soropiletan ongi finkatuta edota mareabehean sortutako putzuetan arrain-espezie ezberdinen arrainkumeen hazileku bilakatzen dira alde horiek. Harkaitz haundi horri buelta eman eta zera, beste aldean, bere oinarri areatsuan mihi-arrain arruntaren kumeen sarda txikian elkartuta aurkitu genituen eta eskuekin erraz hartu genituen hobeto behatzeko. Bere forma zapal eta koloreei esker erraz nahasten dira arearekin, baina begien mugimendua delatatzen zaie, hondarratatik irteten den gorputzeko atal bakarra baita. Bi metrotara, berriro beste aurkikuntza interesgarri bat, sepiak edo txokoaren (molusku zefalopodoa) kumeak antzeman genituen hondo hareatsuetan kamuflaturik. Eramn genuen kutxara sartu eta bere koloreak nola aldatzen zitzaizkion ikusteko aukera e¡izan genuen. berehala aske utzi genuen bere bizilekuan. Bitartean, irteeran parte-hartu zuten umeak ea ez genukeela ikusiko olagarrorik galdexka hasi ziren eta, olagarroak berak behatu gintuen seguruenik, baina guk ez genuen, oraingoan, flyscheko erregerik ikusi. Baina, sorpresaz beteriko gaueko Flysch-aren irteera berezi honek beste sorpresa harrigarriagoak gordeturik zeuzkan gure zain. Bat bapatean, algen soropila solteaz betetako gune batean zerbaitek oinetan koska egiten ari zitzaiola ohartu zen norbait eta, hantxe, algekin erabat kamuflaturik gure kostako karramarrorik handiena dena, hain zuzen “Txangurroa”, aurkitu genuen. Baina ez zen ale bakarra izan ez, gehiago ikusi eta hartu baikenituen (gero askatzeko noski). Txangurroari algak eta beste organismo batzuk atxikitzen zaizkionez ez da erraza antzematea, batez ere, algak pilatzen diren guneetan. Hnaka luzeak ditu eta haginak, adliz, gorputzaren aldean txikiak dira. Aurkitu genuen taldea badu arrazoiaren bat, izan ere, txangurroak udaran ugaltzen dira eta taldeka biltzen dira emalketari ekiteko. Ez da batere normala izaten hainbeste ale Biotopoko rasaren inguru hauetan aurkitzea baina, marea bizien eraginez, normalean urpean gelditzen diren guneak azaleratu egingo ziren eta horri esker izaki benetan harrigarri hauek ikusteko aukera izan genuen. Gauak oraindik beste sorpresa bat zeukan gordeturik guretzako. Gure oinen artean, ur-ertzeko hondo areatsuan igeri egiten “arearen aingira” bat agertu zen. Hau bai sorpresa, Flysch-a gauaz irteerak guztioen barnean daramagun izadiarekiko zaletasuna berpiztu egin zigun. Aingira gaixoa nekatuta zirudin, desorientatuta egongo balitz bezala eta egoera horretan utzi genion bere bideari ekiditea pixkana pixkanaka urrunduz. Itzultzeko ordua iritsi zen, ia 2 ordu t´erdi igaro baikenuen Flysch-ean. Irteera hasi baino lehen nagusia zen loguria, ostean, emozioa bilakatu zen, gaueko Flysch-aren magikoaren eraginez. Flysch-aren Safari gautar eta magikoaren honen ostean, hurrengoak zer godertuko ote digun galdetzen dut nire buruari, izan ere, zalantzarik gabe argi daukadana da irteera bakoitza desberdina izaten dela beti. Eskerrik asko denoi bizipen polit hau nirekin konpartitzeagatik, plazer bat izan zen niretzat. Hurrengora arte!

No hay comentarios:

Publicar un comentario